Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Ane Campos: “Ilusioz eta konfidantzaz iristen gara denboraldi honetako azken derbira”

Ane Camposek azken jardunaldietara talde-lanaz harro iristen da, denboraldi osoan bizitako eboluzio onarekin pozik

Athletic-en aurka igandean jokatuko den partidaren harira, Ane Camposek prentsaurrekoa eskaini du gaurkoan, konfidantzaz eta ilusioz, zaletuak Ipuruara bertaratzeko animatuz.

Sei partida geratzen dira denboraldia amaitzeko, horietatik hiru Ipuruan, eta talde armagina indartsu iristen da denboraldiaren parte honetara, denboraldi osoan zehar egindako lanari esker: "Egia da hasieran kostatu zitzaigula, baina partiduro hazten joan gara eguneroko lanarekin, taldea osatuz eta disfrutatzen, baina azken finean gakoa lana izanik."

Ipuruan jokatzeari begira, "hasieratik gure helburua gure etxea eta tenplua bilakatzea zen eta hasieran kostatu zitzaigun arren, partidak jolastuta gure etxea sentitzea lortu dugu. Igande honetan beste aukera bat dugu hori erakusteko", azaldu du Ane Camposek, eta gainera, konfidantzaz iristen direla partida honetara azpimarratu du: "Liga zaila eta potentea da, baina nik hasieratik sinistu det talde honetan eta egiten dugun lanak eraman gaitu gauden lekura, baina oraindik gehiago erakusteko prest gaude”.

Aurkariari begira, gauzak ondo egiten dabilen taldea espero dute igandean: "Athletic bolada onean dago, urte honetan pausu handia eman dute, ondo jokatzen dute eta jokalari oso onak dituzte", baina lehen itzulian egindako partida eta emaitzari buelta emateko gogoz daudela ere azpimarratu du Ane Camposek. Derbi oro garrantzitsuak izateaz gain, giro aldetik ere espektatibak altuak direla adierazi du getariarrak. Gainera, hiru partida besterik ez dira geratzen Ipuruan denboraldi amaiera arte, eta zaletuen indarra eta berotasuna sentitzearen garrantzia aipatu du.

PRENTSAURREKOA OSORIK